XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Handienen artean

Miguel Indurainen eztanda handi hau, berankorra baina emankorra izan dela esan daiteke.

Hiru urtetan, aurretik mundu mailako txirrindularitzan inork lortu gabeko markak hautsi ditu.

Lehena: Miguel Indurainek bakarrik lortu du Giroa eta Tourra batera, bi urtez segidan irabaztea, 92 eta 93an.

Garaipen bikoitzen zerrenda horretan bost ziklista besterik ez daude: Fausto Coppi, Jacques Anquetil Eddy Merckx, Bernard Hinault eta Stephen Roche.

Frantziako Tourra hiru urtez segidan irabaztea hiru txirrindularik baizik ez dute lortu itzuli honen historia osoan: Louison Bobet frantziarrak (1953, 54 eta 55ean), Jacques Anquetilek lau eskuratu zituen segidan (1961-64 bitartean) eta Eddy Merckxek beste lau (1969-72 artean).

Miguelek, hiru segidan irabazi ondoren, azken hauen parean jartzeko aukera du, laugarren Tourra bereganatuz gero.

Garaipen bikoitzei dagokienez, onenen artean dago Indurain.

Urte berean Giroa eta Tourra irabaztea lortu zuen lehena Fausto Coppi izan zen, 1949 eta 1952an.

49an, Tourrean, Gino Bartali izan zen bigarrena, 23 minutura, eta Cottur hirugarrena, 38 minutu baino gehiagora.

Giroan ere Bartali izan zen bigarren, hamaika minutuko atzerapenaz, eta Marinelli hirugarren, 25 minutura.

1952an, Giroan, Magni izan zen bigarrena, 9:18ra, eta Kubler hirugarrena, 9:24era.

Tourrean berriz, Ockers 28:17ra utzi zuen eta Bernardo Ruiz 34:38ra.

Jacques Anquetilek horrelako garaipen bikoitz bakarra lortu zuen bere aldian, 1964ean.

Italiako Giroan Italo Zilioli 1 :22ra iritsi zen eta De Rosso 1:34era; Tourrean berriz, Raymond Poulidor 55 segundora gelditu zen eta Bahamontes 4:44era.

Garai guztietako txirrindularirik handiena, berdindu ezinezko garaipen zerrenda duena, Eddy Merckx alegia, hiru aldiz izan da Giro-Tour bikotearen irabazlea.

1970ean, Giroan, 3:14era utzi zuen Felice Gimondi eta 4:59ra Van den Bosche.

Tourrean 12:51ko aldea atera zion Joop Zoetemelki eta 15 minutu Gosta Pettersoni.

1972an ere garaipen bikoitza: Giroan Fuente 5:20ra gelditu zen eta Paco Galdos 10:39ra.

Tourrean, ostera, Felice Gimondi 10:41ra eta Raymond Poulidor 12:18ra.

Belgiar handiaren hirugarren bikotea 1974ean etorri zen: Italian hamabi segundo atera zizkion Gian Battista Baronchelliri eta Gimondiri 33 segundo: urte hartan gogotik estutu zuten italiarrek.

Tourrean alde handiagoak lortu zituen: Poulidor izan zen bigarrena 8:04era eta Lopez Carril hirugarren 8:09ra.